Euskal herriak bere abizenari ematen dion garrantzia familiari, leinuari eta arbasoei zaion begirunetik dator zuzen zuzenean. Horri guztiari gehitzen zaio euskal abizenetatik kopuru handi batek jatorri toponimikoa dutela, hau da, baserriari lotua, familiaren etxeari lotua.

Euskal gizartean, etxea, baserria, dorretxea, etxebizitza baino askoz gehiago izan da: Etxea bizitzaren eta haziendaren funtsezko oinarria zen. Hortaz, 'famili etxea' osatzen zuen oro zegoen gainerako gauza guztien gainetik. Hortik datorkio euskal gizarteari, etxea eta hazienda mantentzeko ahalegina, primuak, hau da, lehenengo semeak baserria eta lur guztiak har zitzan.
Sentipen honen zati gisa, etxeak bere nortasun propioa du eta bizilagunak dira haren izena hartzen dutenak. Horregatik da abizena etxearen izenetik datorrela, neurri handi batean etxearen izena leinuaren izen bera delako.
Modu berean, etxearen izenak ere jatorri toponimikoa izan dezake (Elizondo - eliz ondoan, Etxartea- etxe artean, Goikoetxea- goiko etxea). Beste batzuek ere familiaren lanbidea adierazten dute: Apezetxea (abadearen etxea), Aroztegia (arotzaren etxea), Dendariarena (merkatariaren etxea)… Geroago, etxeak bere lehenengo jabearen izena hartu zuen: Perurena, Mikelena, Gillentegia, e.a.
Beste alde batetik, toponimoak neurri handi batean adierazten zituen etxe multzoak edo herri guneak; hortaz, bertako bizilagunek izen hori hartzen zuten abizentzat. Dena dela eta sustrai amankomuna izan arren -itxuran berdinak- toponimoak eta abizenak bide ezberdinak hartu zituzten geroago. Horrela ba, toponimoa edo leku izena egonkorrago mantendu da egitura fonetiko aldetik eta bakarrik aldatu da tokian tokiko hizkuntza aldatu izan den heinean; abizena, berriz, jatorrizko lekuarengandik urrunduz joan da eta familia bakoitzaren gorabeheren arabera aldatu da historian zehar: bakoitzaren grafiak edo idazteko moduak, emigrazioa eta hizkuntza berria erabili izana e.a.
Agerian dago euskal gizarteak famili etxeari ematen dion garrantzia. Hori dela eta hainbat bertsolari, idazle eta euskal kirolarik beren baserriaren izena aukeratu dute beren burua gizartean aurkezteko orduan.