Urte asko joan dira, 1922an sortua baita. Gutxi batzuk bakarrik ezagutuko dute, seguru asko, Emakume Abertzale Batzaren kondaira. Abertzaletasunari eta, oro har, euskal gizarteari, alor askotan, ukaezineko zerbitzua egin zion emakume abertzaleen mugimendua da.

Ordutik hona asko aldatu da euskal gizartea, azken hamarkada hauetan batez ere. Edozein erakunde epaitzerakoan bere garaiko egoera izan behar da kontuan.
Mendebaldeko beste herrialdeetan baino beranduago sartu zen emakumea lanera eta politikara Euskadin eta Estatuko beste lekuetan. Hori da kontuan izan behar dena lehenengo. Arrazoiak? Batetik, berandu industrializatu zen eta garapen ekonomikorako eragozpen handiak zituen. Bestetik, Eliza Katolikoak ere emakumeari betiko zereginetan eutsi nahi zion.
Giro eta egoera horri egin behar zion aurre XX mendearen hasierako emakumeak
Hori horrela, eragozpenak *eragozpen, emakumeek jakin zuten aldatzen ari zen gizarte hartan lekua bilatzen. Beren aukeren neurrian esparru publikora sartu ziren lanbiderako gaitasuna lortzen saiatuz. Erlijio ekimenetan eta, gizonezkoen alderdi politikoetan eta sindikatuetan parte hartzen eta laguntzen hasi ziren, pixkana-pixkana. Aldaketa handi samarra zekarren horrek.